2012 urtearen bilana

Urteko balantzea egiterakoan gatazka politikoa behin betiko konpondu nahi dugun eragile eta herritarrontzat amaitzear dagoen 2012. urtea oso gogorra izan dela azpimarratu nahi dugu. Aurrerakada galantak egiteko oso baldintza sozial eta politiko onak izan arren, ez dugu pauso nabarmenik ezagutu. Bai Espainiako bai Frantziako gobernuek gatazka bera ukatuz, konponbide prozesua ere ukatu nahi izan dute, prozesuaren blokeoa eraginez. Beraien gerra mezuetan gotortu egin dira, euskal herritarren bake nahiari bizkarra emanez.

ETA erakundearen jarduera armatua behin betiko amaitu bada ere, bakearen etsaiek gauza guztiek berdin jarraituko balute bezala jokatu egin dute. Alde bakarrak pauso guztiak egin arren, Euskal Herrian sortu den egoera ez da oraindik bake egoera. Ez da bake egoera oraindik jende askori sufrimendua eragiten jarraitzen dutelako. Ez da bake egoera oraindik giza eskubide ugari zapalduak izaten direlako. Bakea eraikitzeko bi aldeek -alde guztiek- oraindik pauso ugari egin beharko dute.

Espainiako eta Frantziako gobernuek, eta haiekin batera zenbait eragile politikok, erabiltzen dituzten hitzak eta gauzatzen dituzten ekintzak euskal herritar gehienengandik gero eta urrutiago daude. Oraindik jarduera politikoak zigortzen dituzten epaiketa politikoek, espetxeratzeek eta batez ere mendekua oinarri duen espetxe politikak duela urte batzuk bezalaxe jarraitzea anakronismo itzela da, egungo testuinguru sozio-politikotik erabat kanpo daude, alegia. Estrasburgoko Auzitegiak aurten bertan “Parot dotrina” gisa ezaguna den 197/2005 dotrinaren aurkako epaia jakinarazi zuen. Espainiar Estatuak, urteetako espetxe politika arriskuan ikusita, Estrasburgoko Auzitegiaren epaiarekiko helegitea jartzeaz gain, nazioarte mailan Auzitegia bera baldintzatzeko egiten ari den presio guztiak bere borondate politikoa zein den argiro adierazten du.

Aurten ETA erakundeak bi gobernuei bere egitura militarren indargabetze eta armagabetze
prozesuaz mintzatzeko eskaintza zehatza egin arren, gobernuen erantzuna berriro ere etsigarria izan da. Euskal herritar guztiok galtzaile bilakatzen gaituen mezuaren atzean gordeta, gobernuek ez dute konfrontazio armatuaren fasea behin betiko ixteko borondaterik agertzen. Halaber, zenbait eragile politikok gatazka konponbidean jartzea helburu duen edozein elkarrizketa politikori atea ixten dio. Honetan bereziki euskal herritarren gehiengoaren atzean, oso atzean gelditzen ari dira.

Euskal herritar gehien-gehienek eragile politikoek gizartearen arazo nagusiei buruz hitz egitea ez ezik, akordio zabalak lortzeko ahaleginak egitea ere nahi dute. Horregatik euskal gizartearen ordezkariak diren heinean, herritarrek eragile politikoei bakea eta normalizazio demokratikoa eraikitzeko lubakietatik irten eta eser daitezela, hitz egin dezatela eta akordioak erdiesten saia daitezela eskatzen die.

Norabide horretan aurten Donostiako Udalak gatazkaren biktima guztien oroimenez antolatutako ekitaldia aurrerapauso xumea baina garrantzitsua izan da, alderdi politiko guztien ordezkariek batera parte hartu baitzuten. Freskoa bezain eraberritzailea, ordea, Ipar Euskal Herritik datorren konponbide haizea. Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan Aieteko Konferentzia sustatu zuen dinamikari jarraikiz, tradizio politiko guztietako ordezkariak biltzen dira eta normaltasunez hitz egiten dute. Bakea eta normalizazio politikoa eraikitze bideari uko egin ezinik, Frantziako gobernuaren jarrerei aurre eginez Ipar Euskal Herriko alderdi politiko guztiek eta eragile sozial ugarik foro horretan parte hartzen dute. Dinamika benetan eredugarria. Hego Euskal Herrian ere elkarrizketa dinamikak behingoz abian jartzea nahi dugu, instituzioetan, haietatik kanpo, horretarako mintzakide guztiak eroso sentiaraz ditzaketen baldintzak sortuz.

Gernikako Akordioa izenpetu genuen eragile politiko, sindikal eta sozialen aburuz, gatazka politikoaren konponbideari dagokionez, 2013. urteari begira honakoak dira lehentasunak: normalizazio politikoa eraikitze bidean elkarrizketa politikoa suspertzea eta gatazkaren ondorioak bake bidean jartzeko euskal preso politikoen egoera errotik aldatzea eskatzen dugu. Lehenengo pausoak euskal presoak Euskal Herriratzea izan behar du, dagozkien eskubideen jabe. Horregatik Gernikako Akordioan bildutako eragileok urtea urtarrilaren 12an Bilboko kaleetan pauso berriak eginez hasiko dugu.