Gernikako akordioaren 2011/2012ko lan urtearen balantzea

Gernikako Akordioa izenpetu genuen eragileok gatazka politikoa konpontzeko prozesuak lan urte honetan emandakoa baloratu nahi izan dugu.

Gure ustez, lan urte hau batez ere argipen urtea izan da, gatazka politikoa erabat nahas-pilatuta zegoen eta lainoez betetako panorama horretan argiuneak agertzen hasi dira.

Aieteko Nazioarteko Konferentzia lehenengo argiune nagusia izan zen. Nazioarteko komunitateko pertsona erreferentzialez gain, Euskal Herri osoko eragile politiko eta sozialak bildu ziren. Besteak beste, Gernikako Akordioa sustatzen dugun eragile guztioz gain, EAJk, PSEk eta ELAk ere Aieteko Adierazpena babestu zuten, nahiz eta ondoren beraien parte-hartzea prozesu honetan Aieteko Jauregiko lau hormen artetik atera ez. Bertan gatazka konpontzeko ibilbide-orria zehazteaz gain, konponbide prozesuari oinarri zabalagoa eman genion.

ETA erakundearen jarduera armatua behin betiko amaitzeko erabaki historikoa izan da, zalantzarik gabe, lan urte honek ekarritako argiune nagusia. Aieteko Adierazpenaren ondorio zuzen gisa, ETAk hartutako erabakiak gure Historia garaikidean mugarri handia jarri du. Agertoki politikoa iluntzen zuen indarkeria adierazpide bat amaitu da. Gauzak ezin daitezke honezkero lehen bezala izan, egoera behin betiko aldatu baita. Halaber, bai frantziar bai espainiar gobernuekiko elkarrizketari ekiteko prestutasuna adierazi izanak ETAren borondatea argiki erakusten du. Bake eta normalizazio politikorako bidean argi handi bat piztu da, oraindik ilungune nabarmenak izan arren.

Sortu legeztatu izana ere argiune dugu, zalantzarik gabe. Lan urte honek ekarritako argitasunaren baitan normalizazio politikoa hurbilarazten duen pauso hau ere kokatzen dugu. Egia da legalizazio asko falta dela, jarduera politiko oro normalizatuta ez dagoela, epaiketa politiko asko egitear daudela eta oraindik jarduera politiko hutsarengatik pertsona ugarik espetxean jarraitzen duela, baina gaur, Sortu alderdi politikoa legeztatu eta gero, gertuago gaude.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Gernikako Akordioa izenpetu izanak eta eztabaida luzearen ondorioz, euskal gizarteari jakinaraziko Adierazpenak gatazka konpontzeko lehenengo lerroan kokatu dute. Beraien egoera gatazkaren ondorio izanda, euskal preso politikoak gatazka politikoari konponbide integral eta demokratikoa emateko subjektu aktibo gisa agertu dira. Helburu horrekin beraien burua egituratzea erabaki dute, frantziar eta espainiar Estatuetako espetxeetan zuzendaritza eta mintzakide talde bana izendatuz eta espetxeetatik kanpo euskal gizartearekiko eta euskal eragile politiko eta sozialekiko hartu-emanak errazteko bitartekari talde bat sortuz. Gernikako Akordioak gatazka konponbidean jartzen laguntzeko Euskal Preso Politikoen Kolektiboak sortu duen tresna berri honi ongi etorria ematen dio. Espero dugu, zinez, bitartekari talde hau EPPKren eta Gernikako Akordioa osatzen dugun gainontzeko eragileon arteko elkarlana errazteko tresna eraginkorra izatea.

Gure ondorioa ezin da argiagoa izan, lan urte honetan agertoki politikoa Euskal Herrian zeharo argitu da. Gure alde gatazka konpontzeko ibilbide-orria, bidelagun ugari eta euskal herritar gehiengoaren borondate argia dauzkagu. Urriaren 22ko manifestazioan esan genuen bezala, “GU GARA GILTZA!”. Ilunguneen atalean, atxiloketak, epaiketa politikoak, espetxeratzeak, espetxe politika bera, jarduera politikoekiko mehatxuak, 197/2006 dotrinaren aitzakian formalizatutako bizi arteko zigorra, Bateragune auziaren epai ulergaitza… Eta batez ere euskal gizarteari egin nahi dioten iruzurra, urritik hona Euskal Herrian ezer aldatu izan ez balitz bezala jokatzen jarraitu nahi izatea. Errealitatea ukitu ere egiten ez badu, “kontakizuna” -oso gustukoa izan arren- fikzio hutsa da. Hori da Espainiako gobernuari eta Alderdi Popularrari gertatzen zaiena, beraiek nahiko luketen “kontakizuna” fikzioa besterik ez da eta bitartean gatazka politikoa behin betiko amaitzeko aukera historikoa arduragabekeria itzelaz galbidean uzten ari dira.

Hala eta guztiz ere, espainiar Estatuaren borondaterik eza argi eta garbi agertu arren, aukera historiko hau ez da galduko, arestion aipatu bezala, gu geu, euskal herritarrok, giltza garelako. Gaur bidea atzo baino argiago dago, bihar argiago egon dadin Gernikako Akordioa izenpetu genuen eragile guztiok batera inurri gisa lanean segituko dugu.