Atxiloketa gehiagorik ez! Konponbide garaia da!

Atzoko egunean bi atxiloketen berri izan genuen, hain zuzen Frantziako poliziaren arabera Ugaitz Errazkin hernaniarra eta Jose Javier Oses burlatarra dira atxilotuak.

Atxiloketak Euskal Herrian ireki den prozesuaren aurkako eraso larria dira, are gehiago, ETAk bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuenetik bere elkarrizketarako borondatea erakutsi duenean. Irakurketa hori egiten ari dira Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politiko gehienak, eta baita nazioarteko pertsonalitate garrantzitsu asko.

Euskal Herria eta Nazioarteko komunitatetik bidaltzen ari den mezua argia da: konponbide demokratikoaren norabidean urratsak egin behar ditu Espainiako Estatuak eta bidelagun den Frantziar Estatuak, blokeoaren estrategia baztertu eta behingoz normalizazio politikoaren alde jarrera aktiboa hartu behar dute Estatuek.

Tamalez, badirudi konponbidearen kontrako norabidean ari direla urratsak egiten. Sorturen legalizazioaren biharamunean, ilegalizazioaren mamua berriz ere Bilduren bizkar gainean jarri dute eta atzokoan atxiloketa berriak ezagutu genituen.

Estatuak ezin dira blokeo jarrera honetan gotortu. Iraganeko errezetek ez dute balio Euskal Herrian ireki den prozesuan dagokien erantzukizunaz jokatzeko. Heldu berria den Frantziako Gobernuak ere bere jarrera positiboa eta prestutasuna erakutsi beharko luke prozesuaren aurrean, eta ez inertziaz mantendu orain arte izan duen posizioan, azken urteetako abagune historikoa gertatu izan ez balitz bezala.

Ez da hori euskal jendarteak eskatzen diona, ezta ere Nazioarteko komunitateak eskatzen diona ere. Jakin behar dute ere blokeoaren jarrerak ez gaituela etsipenera eramango.

Egunetik egunera konponbide demokratikoaren alde lana egiteko ditugun arrazoiak gehiago dira, eta konponbide demokratikoaren alde dugun erabakitasuna handitzen ari da. Badakigu Euskal Herriko jendarteak gurekin bat egiten duela konponbidearen aldeko erabakitasunean, badakigu ere Nazioartean gero eta ahots gehiago altxatzen ari direla konponbide demokratikoaren alde. Berandu baina goizago mugiaraziko ditugu, konponbidea irabaziko dugu.

Gernikako Akordioa