Espainia eta frantziak ETAren borroka armatua amaitu izan ez balitz bezala jokatzen du

Gernikako Akordioaren xedea indarkeriarik gabeko egoera eta normalizazio politikoan aurrera egiteko ekarpena egitea izan da. Horretarako, Akordioaren partaide garen eragileok hainbat konpromiso hartu ditugu hilabete guzti hauetan, bai ETAri, bai eta Estatu espainiar eta frantziarrari hainbat eskaera luzatu ere.

Gernikako Akordioak eskatutakoa bete egin du ETAk. Era berean, bere jardun armatua behin betiko amaitzeko ETAk harturiko erabakiak aro berri bat ireki du gure herrian.

Estatu espainiarrak eta frantziarrak, ordea, Gernikako Akordiotik luzatzen zaizkien eskaeren aurrean entzungorrarena egiten dute. Espainiar eta frantziar estatuek ETAren borroka armatua amaitu izan ez balitz bezala jokatzen dute, atxiloketek adierazten duten moduan. Jokabide hori larria izateaz gain, Euskal Herriko gizarte gehiengo zabalaren bake nahia behin eta berriz zapuzten du. Hori dela eta, bi Estatuei eta blokeo egoera gotortzen dituzten jokabideak behin betiko bertan behera uzteko eta elkarrizketaren bideari heltzeko deia egiten diegu. Elkarrizketa baita bake bide bakarra.

Azkenik, Oroitz Gurrutxaga eta Xabier Aranbururen atxiloketak salatzeko Oreretan (20:00 Herriko plaza) eta Ondarroan (20:00 Alameda) “Atxiloketarik ez. KONPONBIDE GARAIA DA” lelopean burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi dugu.

Euskal Herrian, 2012ko maiatzaren 30a