Ostegunean kontzentrazio zaratatsua Nafarroako Parlamentuaren aurrean

KONTZENTRAZIO ZARATATSU baterako deialdia egin dugu datorren maiatzaren 24rako, ostegunarekin, 19:30ean Sarasate Pasealekuan, Nafarroako Parlamentuaren aurrean.

Nafar Parlamentua eta Nafar Gobernua interpelatzen ditugu bere funtzioak osotasunean bete ditzaten eta nafar jendartearen eskubide zibil eta politikoen eskumenak bere gain har ditzaten.

Entzun Ilargi Jaunarenaren adierazpenak

Aurreko agerraldian esan genuen bezala, Gernikako Akordioko sinatzaileok KONTZENTRAZIO ZARATATSU baterako deialdia egin dugu datorren maiatzaren 24rako, ostegunarekin, 19:30ean Sarasate Pasealekuan, Nafarroako Parlamentuaren aurrean.

Mobilizazio honen helburua Nafarroako Parlamentua zuzenean interpelatzea da, Parlamentuko talde politiko bakoitza interpelatzea bizi dugun gatazka politikoaren aurrean era aktiboan inplika dadin konponbide orokor eta demokratikoak bilatze bidean: bai gatazkaren ondorioei dagokionez, eta baita, gatazkaren erro politikoei akordio bidezko konponbidea bilatzeko alde guztiak barne-hartzen dituen elkarrizketa politikoa bultzatze bidean.

Nafar Parlamentuari beste dei bat ere egin nahi diogu, Nafarroan dagoen Gobernu Delegaria den Carmen Alba andereak hartu duen jarrerak oinarrizko eskubideen urraketa ugari ekarri baitio nafar jendarteari, eta honen aurrean Parlamentuak neurriak har ditzan eskatuko dugu.

Martxoaren 29ko grebaren ostean egondako errepresio uholdeak batetik, eta urgentziazko prozedura jarraituz eskatutako mobilizazioen baimena era sistematikoan ukatzeak bestetik, argi uzten du Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Delegazioak nafar jendarteak bere oinarrizko eskubideak normaltasunez gauzatzea oztopatzen ari dela, hala nola: greba eskubidea, askatasun sindikalerako eskubidea, adierazpen askatasunerako eskubidea, eta batze eta manifestazio eskubideak.

Nafarroako Parlamentuak eta Gobernuak Nafarroako jendartearen eskubide eta askatasun ororen erabilera normalizatua bermatzeko erantzukizuna du. Are gehiago, nafar Parlamentuak eta Gobernuak baditu beharrezko tresnak eskubide guzti hauen gauzatzea bermatzeko. Nafarroako Polizien 8/2007 Foru Legeko 9.artikuluak honako hau zehazten du Foru Poliziaren funtzioen artean bere “a.” atalean: “…hiritarren segurtasuna bermatu, eskubideen eta askatasun publikoen erabilera ziurtatu, eta pertsona eta ondasunak babestu”. Hau hala izanik, Nafar Parlamentua eta Nafar Gobernua interpelatzen ditugu bere funtzioak osotasunean bete ditzaten eta nafar jendartearen eskubide zibil eta politikoak berma ditzaten; baita, beharrezko diren erabakiak har ditzaten, etorkizunean Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Delegazioak ezin dezan esku-hartu nafarren eskubideen eta askatasunen egikaritzean.

Hiritarren laguntzaz egingo dugun interpelazioa da datorren Maiatzaren 24an kontzentrazio zaratatsuaren bidez egingo duguna, eta aurrerago Talde Parlamentarioei luzatuko diegu eskaera formal gisa, beraiek azter dezaten nola gauzatu Parlamentuaren bidez. Konponbide garaia da, errepresioaren aurrean eta prozesuaren aurkako erasoen aurrean planto egiteko garaia da, bake eta demokrazia osoko eszenatoki berri baten bila aktiboki inplikatzeko garaia da.

Iruñean, 2012ko maiatzaren 22an.