Bateragune auziko sententzia salatzeko elkarretaratzeak egitera deitzen dugu


Espainiako Auzitegi Gorenak Arnaldo Otegi, Rafa Díez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaletaren aurka ezarritako zigorra ez da, zoritxarrez, Euskal Herrian zabaldutako bake eta normalizazio prozesuak jasandako lehenengo erasoa. Bakea eta normalizazio politikoa helburu dituen prozesu hau hasi zenetik espainiar Estatuaren botereen partetik trabak eta oztopoak nagusi izan dira.

Gernikako Akordioa izenpetu genuen eragile politiko, sindikal eta sozialen eskaerari erantzunez, 2011ko urtarrilaren 8an ETA erakundeak su-eten iraunkor, egiaztagarri eta orokorra jakinaraztea erabaki zuen. 2011ko urriaren 20an Aieteko Bake Konferentziaren Adierazpenaren ondorioz, eta erabaki historikoa hartuz, ETAk bere jarduera armatua behin betiko amaitzea deliberatu zuen.

Gernikan bildutako euskal eragile politiko, sindikal eta sozialok gure adierazpenarekin bake eta normalizazio prozesu honi hasiera eman genion. Harrez geroztik, Euskal Herriko agertoki politikotik indarkeria mota bat desagertu izanaren jabe gara. Gure Adierazpenean gatazka politikoa konponbidean jartzeko beste indarkeria mota batzuk –beste giza eskubideen urraketa batzukdesagertu beharra aipatu genuen. Azken urtean atxiloketak eta torturak izan dira, erakunde politiko eta sozial mordoak legez kanpo jarraitzen du eta espainiar estatuko espetxeetan euskal preso politikoen egoerak, oro har, okerrera egin du. Traba eta oztopo horiek guztiak mingarriak izan arren, Gernikako Akordioan bat egin genuen eragileok euskal herritarrei behin eta berriz bake eta normalizazio prozesuaren aldeko konpromisoa era aktibo batean berresteko eskatu diegu. Euskal herritarren gehiengo zabalak gure dei horiei behin eta berriz kasu egin die. Azken urtean Estatuaren indarkeriaren aurrean milaka eta milaka herritar behin eta berriz kalera irten gara, prozesu honen giltza gu geu, euskal herritarrok, garela pentsatzen dugulako. Halako guztietan Estatuari Gernikako Akordioak barne biltzen dituen eskakizunei kasu eginez, bere indarkeria espresio oro bertan behera uzteko adierazi diogu.

Gatazka politikoaren konponbide osoa xede duen prozesu hau abian jartzeko ekarpen ukaezina egin zuten Arnaldo Otegi, Rafa Díez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaletaren aurkako zigorra entzuterakoan, hau beste eraso bat ez dela ondorioztatu dugu. Bakegileak atxilotzen eta espetxeratzen dituen Estatuak bakerik nahi ez duela argi eta garbi adierazten du. Baina euskal gizarteak, Arnaldok, Rafak, Soniak, Arkaitzek eta Mirenek bezala, bakea nahi du. Giza eskubide guztiekiko errespetuan oinarrituko den bakea eta normalizazio demokratikoa nahi ditugu. Espainiar Estatuak ezin diezaioke Euskal Herriko gizarteari bakean eta askatasunean bizi izateko eskubidea denbora luzeagoz zapaldu.

Euskal gizarte gehiengo zabala gurekin bat dagoelakoan, Estatuaren indarkeriaren aurrean bake eta normalizazio prozesuaren aldeko ahaleginak indarberritzeko deia egin nahi dugu. Eraso latz honen aurrean konponbide prozesua indar handiagoz bultza dezagun. Horretarako euskal herritarrak bihar, maiatzak 11, arrats. 7etan Euskal Herriko eskualde-buru guztietan “Prozesuaren aurkako erasorik ez. KONPONBIDE GARAIA DA” lelopean elkarretaratzeak egitera deitzen ditugu. Hiriburuei dagokionez, honakoak dira deialdiak: Donostia, 19tan Bulebarrean, Gasteizen 19tan Andra Mari Zuriaren plazan, Iruñean 19tan udaletxeko plazan eta Bilbon 20etan plaza Zirkularrean. Halaber, Gernikako Akordioa izenpetu ez duten gainontzeko Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozial guztiak epaiarekiko desadostasuna azalduz, deialdi honekin bat egitera gonbidatzen ditugu.

Gernikako Akordioa,
Donostian, 2012ko maiatzak 10