Gernikako Akordioko sinatzaileek larunbateko manifestazioaren garrantzia azpimarratu dute

Gernikako Akordioa izenpetu genuen eragileek heldu den larunbatean Bilbon “Salbuespeneko neurriak indargabetu – Konponbide garaia da” lelopean egingo den manifestazioan parte hartzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Egoera honetan Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakiari erantzun sendo eta zabala emateari ezinbestekoa deritzogu, 197//2006 dotrina babestea de facto bizi arteko zigorra babestea baita. Erabaki hori, beraz, euskal jendarteak duen bake eta konponbide nahiaren aurkako eraso gogorra da

Espainiar estatuak halako erabakia hartuz gatazka konpontzeko borondaterik ez duela adierazi du. Estatuak blokeo egoerari eutsi nahi dio, luzatu nahi du, ea bake eta normalizazio prozesuaren urak gelditzen eta usteltzen diren. Estatuak abagune historiko hau zapuztu nahi du, euskal herritarrengan etsipena eta frustrazioa sortuz.

Gernikako Akordioaren inguruan bildutako eragileok konponbide demokratikoen aldeko konpromisoari eusten diogu. Euskal gizartearekiko prozesu hau bururaino elkarrekin eramateko konpromisoa hartu genuen eta gaur berretsi nahi dugu. Pertsona guztientzat giza eskubide guztiak aldarrikatuz, euskal gizarte osoa irabazle bilakatuko duen prozesuaren aldeko konpromisoari berriro heldu nahi diogu.

Euskal gizartea bera konponbide prozesuaren protagonista nahi dugu eta espainiar estatuak eta PPren gobernuak jarriko dizkigun oztopo eta traben gainetik aurrera egiteko prozesuaren motorra mobilizazioak izan behar du.

Hala, bizi arteko zigorra legalizatzeko mendekuan oinarritzen diren erabaki politikoen aurrean euskal herritar orori Bilboko manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu nahi diogu.

Ziur gaude larunbatean Estatuaren immobilismoa gaindituz Euskal Herriaren mobilizazio jendetsua ikusiko dugula.