Gernikako akordioaren adierazpena

Donostia, 2011ko abenduaren 17a

2010eko irailaren 25ean Gernikako Akordioa sinatu genuen eragile guztiok, oso garbi izan dugu beti, indarkeria mota guztietako biktima guztien sufrimendua aitortzea garrantzitsua dela, gatazkaren konponketarako ezinbestekotzat jotzen dugularik.

Duela urtebete baino gehiago izenpetu genuen testuak honelaxe jaso zuen: “indarkeria mota guztien errealitatea eta gatazka politikoak eragindako biktima guztien aitortza, adiskidetze eta konponketaren beharra”, hain zuzen ere.

Gure ustez, indarkeria guztien biktimak modu berean tratatuak behar dira izan, inolako mailaketarik gabe, baina genero bereizketak aintzat hartuz. Norbere min eta sufrimendua ezin da neurtu, ez da zilegi. Ez dira biktimagoak izango pairatutako indarkeriaren arabera, biktimak dira indarkeria jasan dutelako. Beren oinarrizko giza eskubideen urraketak biktima bihurtu ditu.

Euskal Herrian indarkeria guztiek sortu dituzten mina eta oinazea aitortzen ditugu, bai ETAren indarkeriak bai espainiar nahiz frantziar estatuen errepresio estrategiak eta gerra zikinak hildako biktima guztien senideei, baita kalte fisiko edo psikikoak jasan dituztenei ere, gure dolua adierazi nahi diegu.

Konfrontazio armatuak iraun duen bitartean ez aldeek ez bestelako eragileek ez dute besteen samin eta oinazearekiko sentiberatasunik adierazten jakin izan. Eraiki nahi dugun bakea justua eta iraunkorra izan dadin jasandako min guztia aitortzea ezinbestekoa da, baita gure Herrian irekita dirauten zauriak sendatzeko konpromiso eta borondate argia ere. Gure konpromisoa sendoa da eta hala erakutsi nahi dugu.

Indarkeria desberdin hauek eragindako min eta sufrimendua aitortzen ditugu. Honen haritik, garrantzitsutzat jotzen dugu egia ezagutzea, Egia osatzen dituen egia guztiak ezagutu behar ditugu.

Biktima ororen atzean egia bat dago. Biktima orori dagokion biktima izaera nahiz egiaren ezagutza zor zaie. Gizarte justu eta baketsua lortzea indarkeria guztien biktima guztien memoriarako benetako testigantza izango da. Biktimei, gogoratuak izateko, gertatutakoa ez ahazteko, memoria berreskuratzeko eta oroipen ekitaldiak egiteko eskubidea aitortzen diegu. Gertatu zaiena islatuta ikus dezaten eta gertatutako guztiaren benetako historia idatz dezagun, elkar ulertze eta aitortza ezinbestekoak dira.

Gai hauek guztiak begirunez eta zuhurtziaz jorratu behar ditugulakoan gaude, eztabaida politikoan jaurtitzeko arma gisa erabili gabe. Giza harremanen berreskuratze eta elkarrenganako errespetua ahalbidetzen duten adostasunetara iritsi beharrean gaude.

Era berean, eragindako mina erreparatu behar dugu. Horretarako, gure ustez, biktimei urratutako eskubideak berreskuratze aldera, taldeko zein norbanako neurriak hartzea ezinbestekoa da, egoerak hobera egin dezan. Mota guztietako neurriak ezarri behar ditugu, tartean politikoak, zeintzuk indarkeriaren erabilerak eragindako egoeren errepikatzea eta eskubideren urraketa egoerak gertatzea eragotziko duten. Horregatik, biktima guztiekiko erreparazioa eta elkarbizitza suspertzeko bide horretan parte hartzeko eta laguntzeko borondatea agertzen dugu. Gure ahaleginik handiena adiskidetzea lortzean eta elkarrenganako errespetuan jarri nahi dugu. Gizarte bat lortu nahi dugu, non pertsona guztiek beren eskubideak gauzatuko dituzten, eta beren eskubideak errespetatuak izango diren.

Iraganeko sufrimenduek legatu handia utzi dute. Ez ditugu ahaztu behar beren oinarrizko eskubideen urraketa pairatu dutenak, beren bizia galdu dutenak, beren integritate fisiko zein psikikoa erasotuta ikusi dutenak, ezta bere senitartekoak ere.

Gernikako Akordioa sinatu genuen eragileok uste dugu gatazka politikoaren behinbetiko gainditzea izango dela giza eskubideen urraketa egoerarik berriro ez gertatzeko bermerik onena. Norabide horretan, gatazka politikoaren korapiloak behin betiko askatuko dituen Akordio zabal baten bila, Euskal Herriko indar politiko guztiek bazterketarik gabe lehenbailehen elkarrizketa prozesua hasi beharko lukete.

Auzi politikoetan ditugun desadostasunak konpontzeko bide baketsu eta demokratikoak erabiltzeko konpromisoa berresten dugu. Gure ideologia politikoen artean dauden funtsezko aldeak aitortzen ditugu, guztiak zilegiak. Alde hauek Euskal Herriaren gizartearen aniztasunaren seinale dira. Horregatik, adostutako marko demokratiko baten alde irmoki lan egingo dugu, elkarrenganako errespetuaren kultura sustatuz.